Guneko albisteak

"Ongi etorri euskararen mundura" harrera-jardunaldiak urriaren 10 eta 11n.

"Ongi etorri euskararen mundura" harrera-jardunaldiak urriaren 10 eta 11n.

AriGara Administratzailea -
Erantzun kopurua: 0

Kaixo, AriGarako kide:

Datorren astean, urriaren 10 eta 11n, Ongi etorri euskararen mundura harrera-jardunaldiak egingo dira Gasteizko Europa jauregian, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean antolatuta eta Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzaz.

Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza harrera egokia gauzatzea. Premia hori sumatuta lanean ari dira hainbat eragile eta instituzio. Nolanahi ere, sortzen ari diren gogoeta eta praktika horiek elkarrekin partekatu eta amankomunean bideratzea premiazkoa da hizkuntza harrera egokira ailegatzeko. Hain justu, orain arteko azterketa, hausnarketa eta indarrean jarritako praktikak elkarbanatzea dira jardunaldi hauen funtsa.

Jardunaldien helburua gaiaren inguruan gogoeta egitea da, baina, horrez gain, hizkuntza harrera egokirako protokoloa eta politika publikoak diseinatzeko zumeak jartzea.

Jardunaldiak udaletako arduradun politikoei, euskara eta migrazio teknikariei, hezkuntza formal eta ez-formaleko hezitzaileei eta gizarte mugimenduetako kideei zuzenduta egongo dira, baita gaian interesa duen edonori ere.

Hemen aurkituko duzue jardunaldien egitaraua, eta hemen, berriz, izen ematea.