Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo, 2024ko urtarrilaren 30ean, onartu zuen datozen hamar urteetan euskara indarberritu eta euskaldunak ahalduntzea helburu duen marko estrategiko berria: “Aroa. Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa”. Azken hamar urteetan indarrean egon den Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) ordezkatzera dator Aroa, erronka argi batekin: gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketei erantzun eta, gaur egungo testuinguru eleaniztunean, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea.
Lankidetzatik sortutako dokumentua da, eta gobernantza eredu berria proposatzen du. Alde batetik, euskararen eremuko eragileei egiten zaie erreferentzia, eta bestetik, euskararen zeharlerrokotasunak hartu du leku garrantzitsua. Horrez gain, hurrengo bost jomuga nagusi zehazten ditu Aroak: (1) euskara ikasteko erraztasunak handitzea, (2) eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzea, (3) ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea, (4) euskaraz lan egiteko aukerak ugaritzea eta (5) euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea.
Marko estrategiko honek 7 ardatz estrategiko eta 14 erronka jasotzen ditu, eta horiek garatzeko 31 lan-ildo eta 86 ekimen. Goiko loturan duzue azken bertsioa ikusgai.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazue Gobernu Kontseiluaren onarpenari buruzko berrira: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/91292-gobernu-kontseiluak-datorren-hamarkadan-euskara-indarberritzen-jarraitzeko-aroa-marko-estrategikoa-onartu-gobernu-bilera-2024
Amaitzeko, adierazi nahi dizuegu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak otsailean bertan lanketak abiatuko dituela, erakunde guztien artean, Aroa Marko Orokorra oinarri hartuta, Aroa Plan bateratu bat diseinatzeko eta adosteko. Beraz, adi egon, gure berri izango baituzue laster.
Ordura arte, ondo segi!
AriGara lan-taldea