Guneko albisteak

Eskola-orduz kanpoko jardueren hizkuntza egoera diagnostikatzeko tresna dago erabilgarri dagoeneko!

Eskola-orduz kanpoko jardueren hizkuntza egoera diagnostikatzeko tresna dago erabilgarri dagoeneko!

AriGara Administratzailea -
Erantzun kopurua: 0

Tresna honen helburua da, alde batetik, udalerri batean 16 urtetik beherako gazteentzat antolatzen diren eskola-orduz kanpoko jarduera guztiak identifikatzea eta, beste alde batetik, identifikatutako jarduera horien hizkuntza-egoerari argazki bat ateratzea.

Lehendabiziko helburu horrek era honetako galderei erantzun nahi die: ezagutzen ditugu gure herriko eskola-orduz kanpoko jarduerak guztiak zeintzuk diren? Udalak, ikastetxeek eta elkarteek antolatutako jarduera guztiak? Eta taldeak? Eta hezitzaileak?

Bigarren helburuak, berriz, identifikatutako jarduera horietan guztietan dauden hizkuntza-aldagai esanguratsuenak zenbakietara ekartzea bilatzen du. Alegia, badakigu, adibidez, jarduera horietan guztietan ari diren hezitzaileetatik zenbat diren gai jarduera bera euskaraz egiteko? Eta zenbatek egiten duten?

Tresnaren helburua, beraz, diagnostikatzen laguntzea da. Diagnostiko-lan sakonagoak ere egin daitezke, noski, baina tresna honen bidez oreka bat bilatu nahi izan da oinarrizkoenak diren aldagaien egoera ezagutzearen eta hori egiteko ahaleginaren artean.

Hala ere, tresnaren erabiltzailearen helburua diagnostikatzea bera baino, hizkuntza-egoera hori hobetzea izatea nahiko genuke. Horretarako ditugu pentsatuak eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko planak. Plan horietan ditugun edo jarriko ditugun helburuak ez dira diagnostikatzeko tresnaren bidez lortuko, baina tresnak bidea erakutsiko digu esku-hartzea diseinatzerako orduan.

Tresna hau Udaltopen sortutakoa da (www.udaltop.eus), Udaletako Euskara Zerbitzuen 2023ko topaketan hain zuzen ere. 2022ko Udaltopek ere aztergai bera izan zuen ”Eskolak bakarrik ezin badu... zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza-politika egokia antolatzeko?” izenburupean eta ekarpen asko daude jasota bertan. Azpimarratzekoa da Udaletarako zenbait gidalerro eskola-orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera indartzeko dokumentua, izan ere, bertan daude jasoak diagnostiko-tresna honen osagarri nagusia izan nahi duten esku-hartze baterako erremintak.

Tresna honek udalerria badu ere oinarrizko unitate, malgua da eta egokitu liteke bai unitate geografiko desberdinetara (auzoak, eskualdeak…), bai jarduera horien antolatzaile diren erakunde bakoitzera ere (elkarte, ikastetxe, udal…).

Era berean, tresna pentsatuta dago diagnostikatutako hizkuntza-egoera hori denboran zehar monitorizatzeko, izango duen bilakaerari jarraipena egiteko eta alderatzeko aukera emanez.

Tresna Emunek sortu du Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien enkarguz eta erabili nahi duenaren eskura jartzen dute lotura honetan.