Udaltopek
Lasarte-Oriako plaza berreskuratuko du hamalaugarren edizioan. Bi urteko
etenaldiaren ondoren, Manuel Lekuona Kultur Etxeak bi eguneko jardunaldia
hartuko du maiatzaren 12an eta 13an. Antolatzaileek iragarri
dutenez, online jarraitzeko aukera ere eskainiko dute. Izen-emate epea
dagoeneko zabalik da eta maiatzaren 3ra arte izango da aukera formularioa
betetzeko.
Eskolak bakarrik ezin badu… Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko? izenburupean, adin-tarte horretako neska-mutilentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko jarraibideak ematea izango da Udaltopen hamalaugarren edizioko xede nagusia.
Egitarauak lau ardatz nagusi izango ditu: ikuspegi orokorra, eskola, eskolaz kanpoko jarduerak eta talde-lana. Lehendabiziko blokean, euskararen lurraldeko ordezkariek ikuspegi orokorra emango dute; bertan izango dira, besteak beste, Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz EJko sailburuak eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria.
Eta lehenengo ardatza osatzeko, Kataluniara begira jarriko da Udaltop, beti baita aberasgarria mugez haratagoko esperientziak ezagutzea eta haietaz ikastea, aurtengoan Omnium Culturaleko eta Kataluniako Eskola Kontseiluko goi-karguak izango dira Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketan.
Bigarren eta hirugarren blokeetan, fokoa eskolan eta eskolaz kanpoko jardueretan jarriko da. Bigarrengoan, Berritzeguneetako aholkulariek eskolan euskararen erabilera indartzeko hobetu beharreko gakoak emango dituzte. Hirugarrenak, eskola orduz kanpoko jarduerena, hiru erpin izango ditu: batetik, Soziolinguistika Klusterrak eskola orduz kanpoko jardueren bidez hiztun hobeak sortzeko gakoak emango ditu; bestetik, jarduera horiek arautzeko beharra aztertuko da; eta azkenik, araututa edo arautu gabe, jarduera jakin horretan hizkuntza politika egokia egiteko tresnak emango dira.
Jardunaldia, ohikoa denez, talde-lanarekin amaituko da. Aurtengoan, ordea, parte-hartzaileak hiru multzotan banatuko dira eta hiru aztergai izango dituzte, edo beste modu batera esanda, hiru galdera hauek erantzuteko ahalegina egingo da: Ados gaude 16 urte bitartekoen ekosistema lokala arnasgune soziofuntzionala izatea estrategikoa dela?; Zer ekarpen egingo zenioke daukagun edo izan genezakeen arkitektura juridikoari? eta Zer eta nola egin behar dugu hobeto gure herrian 16 urte bitartekoen habitat linguistikoa hobetzeko? Erantzun hauetan oinarrituta, gainera, antolatzaileek iragarri dute 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzerakoan eragiteko eskuliburua sortzeko ahalegina egingo dutela.
Berrikuntza aipagarriak
Udaltopek bi nobedade aipagarri izango ditu hamalaugarren edizioan. Ohiko erakunde antolatzaileei beste bat batu zaie, Eusko Jaurlaritza Hezkuntza saila. Hain zuzen, bere baitan dagoen Berritzeguneetako hizkuntza normalizaziorako aholkularitza zerbitzua. “Aurtengo gaia erabakita, komenigarria, beharrezkoa eta aberasgarria iruditu zaigu antolamenduaren ikuspegia hedatzea eta hizkuntza politikaren arloan gabiltzan eragileok hezkuntza-alorrekoekin elkarlanean jardutea. Bi mundu baina xede bakarra: 16 urte bitarteko neska-mutilentzako hizkuntza politika hobeak antolatzeko gakoak ematea euskararen erabilerak jauzia eman dezan”, adierazi dute antolatzaileek.
Bigarren berrikuntza lehenengoari lotuta dator. Izan ere, Udaltopek elkartzen duen hizkuntza politika alorreko ohiko publikoaz gain, hezkuntzako eragileak bildu nahi ditu topaketara. Hori dela eta, Lasarte-Oriako Kultur Etxean egingo den aurrez aurreko jardunaldia streaming bidezko emanaldiarekin osatuko da. “Lehenengo esperientzia izango da, baina baikor gaude. Batetik, bi urteko etenaldiaren ondoren pentsatzen dugu jendea gogotsu izango dela aurrez aurrekoa berreskuratzeko eta aspaldi ikusi gabeko lagunak agurtzeko, bazkari-osteko hitz-aspertua egiteko… Baina era berean, azken bi edizioetako esperientziak erakutsi digu badaukagula beste mota bateko publikoa, hitzaldi konkretu batean interesa izan dezakeena”, adierazi dute.
Izen-ematea, zabalik
Egitaraua aurkeztuta, izen-ematea martxoaren 22tik aurrera zabalik dago, maiatzaren 3ra bitarte. Matrikulazioa webgunean egin behar da. Izena ematerakoan aurrez aurreko edo online formatua aukeratu beharko da, eta horren arabera, prezioa 65 €-koa eta 15 €-koa izango da. Lehenengo aukerak osteguneko bazkaria, bi egunetako hamaiketakoa eta Udaltopen materiala barneratzen ditu. Online aukeratzen dutenek jardunaldia jarraitzeko lotura jasoko dute maiatzaren 9an.
Azkeneko edizioetan bezala, antolatzaile dira euskararen lurralde eta baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila ere.
UDALTOP 2022"Eskolak bakarrik ezin
badu…" ( aurkezpen bideoa https://www.udaltop.eus/eu/)
Gogoan izan, izena emateko epea zabalik dagoela maiatzaren 3ra arte. Matrikula formulario honetan bete behar da.